Uda amaituta barriro bueltan

Hasi da kurtso barria

Igiri daigun beste batez be

Jakintasun egarria

Urte bat gehiago hemen gagoz

Irakaskuntza iturria

Besoak zabalik doguzala

Zuentzat ondo etorria

Batek egurre, bestiek mailue,

Lanean danok batera

Zuek apur bat ta guk beste bat

Txalupa (bapora) eraikitzen da

Arrie belak, aingura gora

Gogor emaigun palada

Olatu artien bitsez bustita

Bogan hona eta hara

Danok batera pasatu daigun

Aurten ere marejada

Ondo etorri kosta aldeko

Itsasontzi honetara

Gaurko Bermeoko Institutua, bi ikastetxeren bategitetik sortua da. Alde batetik, Ignacio Arozena izenekoa, ohiko Batxilergokoa (BBB) eta, bestetik, Barrueta tar Benito izenekoa, Lanbide Heziketa eta Erreforma Batxilergoetakoa (LH eta IEE).

Ignacio Arozena ikastetxea. Institutu honek, eraikuntzari dagokionez, 1828tik aurrera dokumentatuta dagoen Eskola Nautikoan dauka bere jatorria. 1921ean Merkataritzako ikasketak gehitu zitzaizkien Nautikakoei. 1925ean ofizialtasuna galdu zuen arren, martxan jarraitu zuen akademia gisa 1936ra arte. 1953an, Irakaskuntza Ertain eta Profesionaleko Zentro bihurtu zen, "maritimo y pesquera" modalitatean (1953ko urtarrilaren 9ko dekretuz onartu zen). Aurreko urtean, 1952an, Bermeoko Udalak bere jabetzakoa zen Artaldeko eraikina ("Klub Nautikoa" izenekoa) eman zuen zentru berriaren egoitzarako. Hasierako urte hartan 6 irakasle titular eta lantegiko maisu bat izan ziren ikastetxeko pertsonal dozentea. 1954an (ekainaren 7ko aginduz), "Almirante Martin de Bertendona" izena jarri zitzaion ikastetxeari. 1961ean, lantegiak ezartzeko, zabalkuntza lanak egin ziren ikastetxean. 1965ean, Goi Mailako Batxilergo Laboraleko Ikastetxe bihurtu zen. 1990ean, azkenik, eraikuntza berria egin zen Matxitxako Bidean, "Ignacio Arozena" izenarekin (ikastetxeko estimu handiko irakasle baten ohorean) eta bertara aldatu zen erakundea.

Barrueta tar Benito ikastetxea. Lanbide Heziketako Atxuriko Zentroaren atal legez sortu zen ikastetxe hau eta bere egoitza, klase teorikoak emateko, Artaldeko etxebizitza batzuen azpialdeko lokalak izan ziren (gaur egun herriko euskaltegiak dauden lekua). Klase praktikoak, antzinako Nautika edo "Almirante Martin de Bertendona" institutuko lantegietan ematen ziren. Bere sorrera 1976ko azaroaren 12ko aginduz gertatu zen, 1. mailako Lanbide Heziketako ikasketekin. 1986an 1. eta 2. mailako Lanbide Heziketako Ikastetxe bihurtu zen, bere autonomia lortuz. Ondoko ikasketak ematen ziren: LHko 1. mailan: Mekanika, Elektronika eta Administratibo; eta LHko 2. mailan: Elektronika eta Administratibo. Ordurako ikastetxe berria eraikita zegoen, Esparru kalean. 1986-87ko ikasturtean estreinatu zen eraikina. Eraikuntza berriari, "Barrueta tar Benito" izena ipini zitzaion (herriko margolari handiaren ohorean)  eta Lanbide Heziketaz gain Erreformako Batxilergoko ikasketak eman izan dira bertan.

Ignacio Arozena / Barrueta tar Benito BHI Tradizio desberdineko bi ikastetxe hauen bateratzea 1997-98ko ikasturtean gauzatu zen. Hala ere, kurtso horretan fusioa burututa zegoen arren, bi zuzendaritza mantendu ziren, bakoitzean bat. Hurrengo ikasturtean, 1998-99an bateratu ziren, azkenik zuzendaritzako karguak ere. Harrez gero bi eraikineko zentro bakarra da Bermeoko Institutua.